Zinema

Zinema

Peio Aguirre, komisario eta arte kritikaria

1963an Frontera Films produkzio-etxea sortu zuen Irunen Fernando Larruquertekin batera. Biek gidoi bat aurkeztu zuten beren lehen elkarlan gisa: Operación H (1963), X Films, Madrilgo zinema produkzio-etxe batentzako enkargua.

Oteizak kontatu zuenez, X Films Juan Huarte enpresari eta mezenasak sortu zuen bere proiektu zinematografikoak lantzeko, nahiz eta, gerora, beste euskal artista batzuek ere han ekoitzi azkenean beren proiektu filmikoak (Basterretxeak berak, Rafael Ruiz Balerdik eta Jose Antonio Sistiagak). Operación H publizitateko spot esperimental bat da, Huarte Taldeak Nafarroan eta Espainiako beste eskualde batzuetan zeuzkan industriei buruzkoa. Mintzaira abstraktu batekin «desarrollismo»-aren alegoria bat egiten zuen, industriaren, diseinuaren eta arkitekturaren munduak sublimaturik. Kredituetan, zuzendari gisa agertzen da Basterretxea eta zuzendari-laguntzaile gisa Larruquert. Haien hurrengo hiru proiektuak elkarrekin sinatu zituzten.

Frontera Filmsentzat, Basterretxeak bere etxe-lantegia zaharberritu zuen eta produkzio-etxearen egoitza eta plato fotografiko bihurtu zuen. Euskal pilota-jokoari buruzko Pelotari (1965) film laburrarekin egileek merezitako aitortza lortu ondoren euskal herritarren nortasun sakona gogora ekarriko zuen film anbiziotsuago bat egiteko aukera planteatu zuten. Handik gutxira Alquézar. Retablo de pasión (1966) egin zuten, mistizismo handiko film labur bat, goi Aragoiko herrixka batean Aste Santuan filmatua. Bi obra horiek badute seriotan narratibo bat, jolas poetiko eta ironikoak ere badituena.

Film labur horiek Ama Lur (1965-1968) film luzearen atarikotzat ikus daitezke, zeina euskal zinemaren benetako sortze-obra baita. Ama Lur euskal gizartearen herri-laguntzari esker finantzatu zen, crowdfunding modu hasiberri baten gisara. Euskal esentziei kantu egiten die filmak diktaduraren amaierako garaian. Film luze horrek historiatik, folkloretik, antropologiatik eta historiaurretik datozen edukiak aurkezten ditu, Oteizaren ideiari jarraituz, alegia, «Euskal Berpizkundeak Paleolitikoraino egiten du atzera». Filmaren testuak Basterretxearen fabulazio eta fantasia ahalmena adierazten du. 1968ko Donostiako Nazioarteko Zinemaldian estreinatu zuten, eta hura izan zen Basterretxearen eta Larruquerten arteko azken kolaborazioa.

Hala ere, Basterretxeak ez zuen zinema alde batera utzi. Haren hurrengo proiektua, Teodosio, Erdi Aroko Euskal Herrian girotuta dago. Geroago, filmatu gabeko beste proiektu batzuk, gidoiak, eta abar agertu ziren. Industriaren barruan ekoizteko zailtasunak gorabehera, Super 8ko kamera erabiltzen jarraitu zuen. Urte batzuk lehenago Jueves por la tarde filmatu zuen Super 8n, ostegunetan Irungo bere estudioan egiten ziren umeentzako adierazpen plastikoko lantegiak oinarri harturik egindako animazio bat. Ikus-entzunezkoetan egindako bere azken lana Hombres de maíz (1988-1990) izan zen, Euskal Telebistak egindako enkargua, Hego Ameriketako hispaniar-aurreko kulturei buruzko zortzi ataleko sail bat, bideoan.
Zinema

'Pelotari' (1965) eta 'Alquézar. Retablo de pasión' (1966) film laburrek 'Ama Lur' (1965-1968) film luzearen atarikotzat ikus daitezke, zeina euskal zinemaren benetako sortze-obra baita