Artista konprometitu bat

Artista konprometitu bat

Miren Vadillo, Artearen Historian doktorea eta komisarioa

Néstor Basterretxea (1924-2014) artistarena bezain karrera zabal eta oparoaz mintzatzea oso kontu konplexua da haren sormen-ahalmen guztia osorik nabarmendu nahi izatera; nolanahi ere, badago alderdi bat haren lan artistiko osoa biltzen duena pertsonarekin berarekin nahasteraino, eta da bizitza osoan etengabe agertu zuen konpromisoa. Egileaz egin diren era askotako analisietan, hirurogeitik gorako jardueran zehar defendatutako planteamenduak eta ikuspegi estetikoak nabarmendu dira eta kaleidoskopio edo konstelazio gisa kalifikatu da haren ibilbidea1; oso adjektibazio argigarria, hain zuzen, agerian uzten duena sormen-diziplina anitzetan modu kontsekuente eta homogeneoan formak eta garapenak landuz Basterretxeak adierazi zuen jakin-min etengabea. Hala eta guztiz ere, bizkaitar sortzaileak bere lanean eta pertsonalki izan zuen konpromisorako eta etikarako joera paregabea nabarmendu nahi da oraingoan.

Basterretxearen erreibindikazio nagusia haren lan estetikoaren bitartez adierazi zen, inondik ere. Hasiera-hasieratik egon zen abangoardiarekin eta modernitatearekin konprometitua, eta, gerora, euskal izaera zuen mundu partikular baten sentimenduak eta ideiak islatu zituen herri baten sentimendurik sakonenei erantzuten zien iruditeria bat erabiliz, eta autoktonoa denaren sustraietan sakondu zuen abangoardiako korronteei zabalik zeuden adierazpen-mintzairen bitartez nortasun kolektibo bat eraikitzeko. Haren belaunaldiko beste artista batzuek ere kontzientzia bera erakutsi zuten lan estetikoaren bidez gizartea eraldatzen partaide izateko; haien artean, Jorge Oteiza nabarmendu zen, zeinarekin –Argentinan ezagutu ondoren– adiskidetasun handia izan baitzuen Basterretxeak. Nolanahi ere, teorizazio utopiko baten ordez, Néstor Basterretxeak inplikazio egiazkoago eta errealago bat izan zuen, ekoizpenean eta arazoen irtenbidean zentratua. Bermeotar artista gai izan zen bere garaiko gizartearekin loturak sortzeko, ezin gauzatuzko utopietan noraezean ibili gabe, bere burua inplikatuz eta erantzukizun bat onartuz, bere herriari zerbitzatzeko borondatez. Gainera, haren obraren alderdirik ezagunena ez bada ere, karteletan, azaletan, eranskailuetan, sarietan edo eskultura publikoetan egin zuen lana haren obrarik sinbolikoena bilakatu da, bere garaiko arazo sozial eta kulturalez zuen ikuspegiagatik neurri handi batean eta, baita ere, ikuspegi hura ahalik eta modurik zabalenean eta libreenean eskaini zuelako.

Interes horrekin, XX. mendearen erdiko urteetan Euskal Herriko artistak bete-betean aritu ziren jardunean euskal kultura ikuspuntu nazionaletik berreraikitzen frankismoak ezarritako inposaketa politikoen aurrez aurre. Gizartea eraldatzeko kezka militantea zeharo barneratuta egon zen sortzaile plastikoengan, eta kolektiboki taldeetan parte hartzeko ahaleginean ardaztu zen konpromiso hura. Basterretxeari dagokionez, Arantzazuko lehenengo esperientzian parte hartu zuen, eta beste kolektibo batzuetan ibili zen gero, Equipo 57n adibidez, baina haren esku-hartzerik nabarmenena Euskal Eskolako Gaur Mugimenduan izan zen, hirurogeiko hamarkadaren erdialdean, abangoardiako artearen erreibindikazioa garaiko arazo soziokulturalei buruzko teorizazioarekin eta militantziarekin nahasi zenean.

Geroztik, hirurogeita hamarreko lehenengo urteetan eta Euskal Eskolaren Mugimenduak porrot egin ondoren, Néstor Basterretxeak bere garaiko kulturan parte hartzen jarraitu zuen, bakarka baina espiritu kolektiboari eusteko interes handiz oraindik, era askotako erakusketa eta topaketa artistikoen bitartez. Kultura propio eta identitario bat eduki nahiaren erreibindikazioak indar handia zuen garai hartan, eta arte garaikidea nahi horren prestigio handieneko sinboloetako bat bihurtu zen. Artista talde jendetsu samar baten agerbideak plazaratzeko azpiegitura publikorik ez zegoenez, euskal geografia osoan zehar ugaldu ziren ekimen kultural ugarietan gauzatu ziren artea herritarren artean jendarteratzeko eta sozializatzeko interes sintomatiko batzuk.

Basterretxeak bat egin zuen arteak urte haietan izan zuen bokazio publikoarekin eta eskaini zitzaizkion herri-jardunaldi guztietan parte hartu zuen.

Basterretxeak bat egin zuen arteak urte haietan izan zuen bokazio publikoarekin eta eskaini zitzaizkion herri-jardunaldi guztietan parte hartu zuen. Interes handia zegoen artea herriarengana eramateko, maila guztietan herriari esplikatzeko eta zabaltzeko, elitismotik urrun eta galeria komertzialetatik aparte. Euskal Herriko herri askotan hainbat talde kulturalek gaur egungo arteari buruzko erakusketak antolatzen zituzten nork bere herriko jaialdietan eta festetan, folklore-emanaldiak eta beste saio tradizional batzuk lagun, kultura bereizgarri bat erreibindikatzeko helburu argiaz.2 Erakusketa kolektibo haietan parte hartuz, Basterretxeak garbi adierazten zuen jarduera haietara musu-truk joateko borondatea, egiteko modu propio bat erakusteko gizarteari. Urte haietan elkartasuna etengabea izan zen, eta hala agertzen zen proiektu erreibindikatzailetan parte hartzeko eta haiek bultzatzeko nahian, baita nazioartekoetan ere, hala nola Txileko Santiagoko Elkartasun Museoari egin zitzaion obren dohaintza, non Basterretxeak Usoa eskulturaren ekarpena egin baitzuen 1973an, Arantzazuko proiektuko obra bat: uso bat, behin eta berrizko gaia haren obran, sinbolismoz betea, gerora izaera ez hain organikoz berriz landuko zuena.

1969

Usoa, Arantzazuko proiektukoa

Salvador Allende Elkartasun Museoa

Iturria

Era berean, Francisco Franco hil ondoren, esparru kultural eta sozial zapalduak eta berriak erreibindikatzeko ilusioak nortasunari zeharo atxikitako herri jardueren ugaritzea bultzatu zuen, eta horietan ere euskal sortzaileei ekarpena eskatzen zitzaien berriz ere jardueroi eusteko eta bultzatzeko. Basterretxeak obrak eman zituen dohaintzan laguntza premian zeuden ikastolen, irratien edo egunkarien aldeko enkanteetarako. Bestalde, une hartan artistek sinboloak ere sortu zituzten salaketa sozialeko ekinaldietarako, ekologiaren eta nuklearren auzian edo euskal presoen amnistia-eskarian. Basterretxeak laguntza eman zien orobat euskararen normalizazioari eta sustapenari eta ikastolen mugimendu hasi berriari.3 Horretarako, Euskaltzaindiak euskararen erabilera bultzatzeko eta indartzeko eta dirua lortzeko 1978an sustatutako Bai Euskarari ekinaldiaren logotipoa sortu zuen. Antolatu ziren hamaika jardueretan –jaialdiak, hitzaldiak, erromeriak eta baita futbol-partidak ere4– Basterretxeak egindako irudia zabaldu zen: atzealde zirkular beltz baten gainean uso baten irudi oso sintetizatu bat, marra geometriko gutxi batzuekin eta soilik bi koloretan, txuria eta gorria, ikus-kontzentrazio hobea sortzeko. Usoak zabalik zeuzkan hegalak, hegan abiatzeko une betean, sortzaileak berak esan zuen bezala: «suzko txori bat, Fenix Hegazti baten modura bere errautsetatik berpizten»5, euskara berreskuratzeko eta zabaltzeko premiaren sinbolismo argi bat.

1978

Bai Euskarari eranskailua

Espainiako trantsizioko eranskailuen datu-basea. Sancho el Sabio fundazioa

Logotipoa une hartako ikur bihurtu zen, izugarri hedatu baitzen herritarren artean, eranskailu, kamiseta, zorro eta muraletan nonahi erreproduzitu zenez. Neurri handi batean, diseinuaren indarragatik bilakatu zen ikurra Euskal Herriko irudirik ezagun eta bereizgarrienetako bat: alderdi politiko askoren ikurrak eta eranskailuak barra-barra ugaritu ziren une hartan, baina honako honek jarrera ideologiko ugariak elkartzea lortu zuen, sektore guztiak adostasunez bateratu zituenez. Kanpainaren arrakasta, partez, Basterretxeak diseinatutako irudiak babestua egoteari zor zitzaion, Euskal Herriaren une historiko hartako ikus-dokumentu bilakaturik hainbat belaunaldi identifikatu baitziren harekin.

Antzeko asmoaz baina ez halako oihartzunaz, Basterretxeak beste logotipo batzuk egin zituen, hala nola Donostian 1978an egin zen Adierazpen Askatasunaren Aldeko Jaialdiarena edo, geroztik, joera politikoko beste diseinu batzuk, logotipo bilakatzeko bokazio propagandistiko bera zutenak, nola den, adibidez, hainbat alderdi politikok bat eginik Gernikako Estatutuaren alde sustatu zuten sentsibilizazio-kanpainarako sortutakoa. Sormen-mintzaira oso sintetikoa erabiliz eta diseinu modernotik hurbil, ahalik pertsona gehienengana modu eraginkorrean iristeko eta komunikatzeko interesean zetzan lan haien garrantzia; gainera, formen sinpletasuna zen diseinuaren ezaugarri nagusia, eta hari esker modu erabilgarri eta ezaguterraz batean egiten zen transmititu nahi ziren ideia sinbolikoekiko lotura.

1978

Adierazpen Askatasunaren Aldeko Jaialdiaren logotipoa

Néstor Basterretxea artxiboa. Artium Museoa

1978

'Gernikako estatutoa, bai' kartela

Euskal Nazionalismoaren Museoa (inbentario zenbakia SE/0439)

Garai hartan politikak blaituta egonik alderdi sozial eta kultural guztiak, bermeotar artistak inplikazio ideologikoa erakutsi zuen EAJ alderdiarekin, besteak beste. Haientzat egin zuen Gernikan ospatzekoa zen 1976ko Aberri Egunerako kartela; kartelak ahalmen sintetiko eta dinamiko handia zuen estetikoki, eta ikurrinaren margoen kartulinen collage bat zuen oinarri; izan ere ikurrina debekatuta zegoen oraindik urte haietan. Handik bi urtera, EAJren Alderdi Eguna ospatzeko erabili zen. Orobat adierazgarria izan zen Jorge Oteizarekin batera 1979an Sabino Arana Fundazioaren egoitzarako proiekzio arkitektoniko hutsegina, zeinarentzat eman baitzituzten bi artistek multiple erako eskulturak ere, haien salmentarekin obren zati bat finantzatzeko; proiektua ez zen azkenean gauzatu, ordea. Neurri batean, hartu zuten konpromisoa erantzukizun sozial bati zor zitzaion, zeina justifikatuta baitzegoen gizarteak zien begirune handian, beren ibilbideak sendotu ondoren arrakasta handiko pertsonatzat baitzeuzkan.

1976

Aberri Egunerako kartela

Basterretxea familia (erakusketa)

Egoera soziopolitikoaren eraginez herri-kutsuz eta zirkulu komertzial eta instituzional orotatik at antolatutako ekintza mota horien guztien euskarriak zeharo askotarikoak baziren ere —eranskailuak, liburuen eta diskoen azalak eta baita hesi edo kartelak ere—, eta arteak eta artistak gizartean zuen funtzioa birplanteatzea bazekarren ere, pixkanaka-pixkanaka aldatuz joan zen inplikazio hura eta euskal kulturaren sarean finkatzen hasi zen ofizialtasunean parte hartzen hasi ziren euskal sortzaileak. Laurogeiko hamarkadaren hasieran esparru politiko-administratibo berria eraikitzen ari zenean, instituzioen zerbitzura jarri ziren, eta harrezkero sortutako sinboloak ez zegozkien jadanik alderdi disidente eta kontrakulturalei, alderdi ofizialei baizik, kultura eta artea instituzionalizatuz joan baitziren pixkanaka-pixkanaka, eta irudi abangoardista eta identitario bat islatu zuten, erakundeek eskaini nahi zutenarekin bat eginik.

Ildo horretatik, aipagarria da Basterretxearen karrera profesionaleko ikurrik garrantzitsuenetako bat: Eusko Legebiltzarrean buru dagoen eskultura, Izaro6 izenburu duena, 1982an deitutako ideia-lehiaketa irabazi ondoren sortua. Obra horretan erakutsi zuen, bi metroko haritz-tailu baten bitartez, zazpi adar ateratzen zaizkion zuhaitz bat, zazpi euskal probintzia historikoei eta elizateetako zuhaitzen azpian legeak egiteko euskal tradizioari aipamena eginez, egilearen heldutasun estilistikoaren ezaugarri den mintzaira konstruktibista baten barruan. 1983an bere lekuan jarri zutelarik, euskal legebiltzarraren sinbolo eta ikono izan da gaur egun arte, konnotazioz betetako irudi nonahiko bat, euskal jendearen iruditeria kolektiboaren parte dena.

1983

Izaro

Eusko Legebiltzarra

Interesgarria da, baita ere, erakundearen baitatik Basterretxeak une haietan egin zuen lana, 1980an Eusko Jaurlaritza eratu berriko Kultura Sailaren aholkulari artistiko izendatua zutelarik. Kritikak kritika, arte plastikoen panorama hobetzen lan egiteko aukera ikusirik, Gure artea sariak sustatu zituen 1982an, gogotsu, inguruko sormen garaikidea sailkatzeko eta bultzatzeko gogo biziz. Interesgarria izan zen, orobat, artearen alor esperimentalean azterketarako eta ikerketarako euskal artearen zentro garaikide bat sortzeko proposamena, Jorge Oteizaren ideiekin erabat bat eginik. Beren obra osoa dohaintzan eman eta Irungo Urdanibia Jauregian kokatzeko konpromisoa hartu zuten bi artistek 1981ean; hala ere, gerora, proiektua aldatu egin zen eta Basterretxeak, Rufino Basañez arkitektoarekin eta José Luis Isasa musikariarekin batera, Euskal Arte Garaikidearen Zentroaren egoitza izango zen arkitektura bat asmatu zuten, baina azkenean eraikina ez zen egin.

Guztiarekin ere, arazo kultural, sozial eta politikoekiko zuen inplikazio berezia haren bizitza osoan mantendu zen. Nestor Basterretxeak ezin konta ahala kanpainetan parte hartu zuen laurogeiko, laurogeita hamarreko eta XXI. mendearen hasierako hamarkadetan, izaera eta helburu anitzeko elkarte, fundazio edo erakundeekin lankidetzan jardunez, erakusketetan parte hartuz edo obren dohaintzak eginez.7 Zela euskal kulturarekiko eta artearekiko zuen konpromiso sendoak bultzaturik, zeinak eraman baitzuen hainbat elkarte artistiko sortzera eta haien kide izatera, nahiz bakearen eta giza eskubideen aldeko militantzia gisa, edo gerraren, gosearen edo hiesaren aurkako kanpaina askotarako obrak eginez. Zentzu horretan, konpromisoa bereziki sentibera izan zuen bakearekin, artearen esparrutik borrokatu baitzen urte haietako gatazka armatuen salaketan, hala nola Bosniako gerraren edo Saharako auziaren salaketan.

Aipagarriak dira, baita ere, Basterretxeak era askotako lehiaketa eta txapelketetako sari gisa sortutako eskultura-diseinuak, izan ekimen literarioak, musikalak edo artistikoak nahiz elkartasuna eta giza eskubideak ardatz dituztenak. Partaidetza horiek guztiek ere argi erakusten dute artista gisako ofizioaz gainera bere obrarekin gizartean eragiteko betebeharra zeukala ulertzen zuen pertsona baten irudia. Hainbeste elkartek haren presentzia eta laguntza eskatu izanak agerian uzten du zer-nolako onarpen maila zuen haren arteak gizartean eta, alderdi horretatik, jarrera estetiko jakin batzuen elitismo teorikoaren aurrez aurre, esan daiteke Nestor Basterretxeak lortu zuela mintzaira berezi eta ezaguterraz bat, euskal gizarteak ulertzen eta aditzen zuena, hainbesteraino non haren iruditeriaren parte bilakatu baitzen, inpaktu publiko handiz, gainera.

Azkenik, ez da ahaztu behar haren legatu bereizgarrienetako bat, gure hiri eta herrietako paisaia eta espazio publikoan bizi diren obra publikoetara isuria, non berriz ere biltzen baita haren kontzientzia publikoaren eta ingurune hurbilenean esku hartzeko desiraren parte bat. Obra horietan, haren mintzaira artistikoa antzemateaz gainera, askatasunari, bakeari edo giza eskubideei egindako kantua sumatzen da. Korapilatsua litzateke era horretako eskultura publiko guztietara hurbiltzea, baina aipamena merezi dute bai Askatasuna biribila da eskulturak, Gasteizen 1995ean kokatuak, eta bai Frankismoaren biktimen omenez obrak, 2006an Bilboko Doña Casilda parkean jarriak. Nolanahi ere, inplikazioaz ari garela, ezinbestean aipatu beharra dago Bakearen usoa eskultura, 1988ko abenduan Donostiako Zurriolan kokatua. Usoaren irudi sintetizatu bat da, zeharo ezaguterraza, hegalak zabal-zabalik dituela hegaldi betean, eta kolore zurikoa, zeinak biltzen baitu bakearen alde borrokatzen diren herri guztien sinbolo bilakatzeko desira eta zeinak erakusten baitu asmo politiko bat eta elkarbizitzarako borondatea Euskal Herrian, bortizkeriak gogor astintzen zuen urte latz haietan. Eskala handiko irudi indartsua da, abstrakzio maila sinplifikatuak dituena, forma modernoen eta haren esanahia erraz ulertzearen arteko oreka bat lortzeko, eta oihartzun sinboliko itzela eta sakona izan zuena.

1995

Askatasuna biribil irekitzen da

1988

Bakearen usoa

Zalantzarik gabe, Nestorrek bere herriarekiko izan zuen erantzukizuna, lankidetza eta inplikazioa bera sarituak izan ziren artista bizi zelarik, haren lanak onarpen zabala izan baitzuen eta sari eta omenaldi ugari jaso baitzituen. Berez, esan daiteke ezen Nestor Basterretxeak bere lanarekin eta bere bizitzarekin izan zuen konpromisoak zantzu handiko bizi-legatu eta legatu artistiko bat tankeratu zuela Euskal Herriarentzat, eta legatu horrek estetikatik haratagoko ondorioak izan zituela eta gaur egun ere indarrean tinko dirauela ez baitu modernitatetik ezertxo ere galdu, eta horregatik dagoela gogoan hartu eta berraurkitu beharra, haren garrantzia eta esanahia oso-osorik ulertzeko.

Artista konprometitu bat

Laurogeiko hamarkadaren hasieran esparru politiko-administratibo berria eraikitzen ari zenean, instituzioen zerbitzura jarri ziren, eta harrezkero sortutako sinboloak ez zegozkien jadanik alderdi disidente eta kontrakulturalei, alderdi ofizialei baizik, kultura eta artea instituzionalizatuz joan baitziren pixkanaka-pixkanaka.