Artxiboa

Artxiboa

Néstor Basterretxea (Bermeo, 1924 – Hondarribia, 2014) dokumentu-funtsak, Basterretxea Irurzun familiak Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoari 2023an emanak, artistaren ibilbidea islatzen duen material-sorta zabala biltzen du.

Gutun, liburuxka, inprenta-proba, argazki, idatzi, zinema-gidoi eta prentsa-artikulu ugarik informazio baliotsua ematen dute Basterretxearen ibilbide profesionala, beste artista batzuekin izan zituen harremanak eta erakusketa eta ekitaldi garrantzitsuetan izan zuen parte-hartzea ulertzeko.

Materialen aniztasunak aukera ematen du bere sormenaren hainbat alderdi ezagutu eta denboran zehar izan duen bilakaera aztertzeko, bai eta euskal artearen panoraman erreferente gisa izan duen papera eta lurraldean arte garaikidearen garapenari egin dion ekarpena ulertzeko ere. Artxiboak informazio-iturri baliotsua eskaintzen die ikertzaileei, arte-historialariei, kontserbatzaileei eta euskal artea eta arte horrek denboran zehar izan duen bilakaera aztertzeko interesa duten pertsonei.

Museoak aurrera daraman memoria ikertu eta zaintzeko proiektuaren barruan, uste dugu Néstor Basterretxearen dokumentu-ondarea funtsezko pieza dela euskal artisten artxiboak sortzeko prozesuan eta Euskadin XX. eta XXI. mendeetan garatutako praktika artistikoak ulertzen eta testuinguruan kokatzen laguntzeko.

Funts digitalizatua Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museo-Artium Museoko Liburutegi eta Dokumentazio Zentroan kontsulta daiteke.

Nola aipatu:

Néstor Basterretxea Artxiboa. Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museo-Artium Museoko Liburutegi eta Dokumentazio Zentroa

Erabili eta erreproduzitzeko baldintzak:

Obrak erreproduzitu ahal izateko, eskatzailearen erabilera pribaturako izan behar du, eta ikerketa-helburuetarako bakarrik, indarrean dagoen legedian ezarritakoaren arabera. Bidali erreproduzitzeko eskaria ondoko helbidera: biblioteca@artium.eus