NB100

NB100

Monika Basterretxea Irurzun, Néstor Basterretxearen alaba

Gurendesen, 2023ko abenduaren 6an

Orain dela 100 urte, Fernanda Arzadunek, Bermeoko beste emakume askok bezala, bizia arriskatzen zuen erditzen zen bakoitzean, eta batzuetan aurrera jarraitu behar izaten zuen umeren bat galdu izanaren tristurarekin edo gaixotasunak goizegi eramandako seme-alabaren batengandik bereizi beharraren hutsunearekin.

Orain dela 100 urte, bere seme-alabentzat eskas zuen esnea ematen zizun inudearen zaintza izan zenuen, eta parkera eramaten zintuzten umezainena ere bai, eta haiei kontatzen zenien zuk euskaraz zure negarretan adierazitako penak.

Ama ekintzailea izan zenuen, Emakume Abertzale Batzan, eta aita, berriz, PNVko diputatua, politika beti gogoan zeramala bizi zena.

Orain dela 100 urte, zure herrian apaizak bazuen botere eta inpunitate nahikoa sermoietan tematuta esateko zerua ezin zela erosi; baina bitartean, inolako lotsarik gabe, beata inozenteenen aberastasunak bereganatzen zituen.

Ikastetxea eta heziketa katolikoa izan zenituen, eta haiek, Anaia Menesianoek, erabakitzen zuten nola eta zer ikasi beharra zegoen munduaz, nor ziren onak eta nor gaiztoak, eta, bitartean, eguneroko abusua zilegi eta bidezko zen ikasleenganako tratuan.

Zuek ihes egiten zenuten ahal zenutenean murru haietatik, eta mendira jotzen zenuten, iparraldea non zegoen oso ondo jakin gabe, eta aguazilaren eta familia osoaren begiradak garaituko zenituztelako ilusio sineskorraz, Bilbora ilundu aurretik iritsiko zinetelakoan eta, era hartara, Zeelanda Berrirako bidaian abiatuko zinetelakoan.

Eta, fede ausart batez, ateo bihurtu zinen.

Ordu zoriontsu asko igaro zenituen kalean zure anai-arrebekin eta adiskideekin, txingoka, kanikatan, ziban… eta kometa bat edukiko zenuen, eta karraka bat eta trapuzko panpinak, eta bizikleta bat, zure lagunetako batzuek irrikaz begiratzen ziotena hura uzteko eskatzen ausartu gabe; baina, batez ere, irudimen handi bat eduki zenuen, lurralde seguruagoetara eramaten zintuena eta non edertasuna gauza guztiei nagusitzen baitzitzaien, zure pertzepzioak aldatuz eta zabalduz.

Hamalau urterekin erbestera joan behar izan zenuen, eta bihurtu zinen, milaka lagun bezala, heredatu zenuen ingurunearen nomada.

Garaileen aroa baitzen eta Francoren diktadura errukirik gabe inposatzen baitzen.

Egunerokotasunetik aldenduz, artearen ahalmen eraldatzailea izan zenuen eta beste mintzaira batzuez jabetu zinen, beste zalantza batzuez, baina, batez ere, gauza batez jabetu zinen, alegia, aldatzea posible eta ezinbesteko zela testuinguru propio bat eraikitzeko.

Argentina eduki zenuen, aldaketa horren lehen lekukoa izan zena. Han hasi zinen zeure burua marrazkilari gisa, artista gisa, definitzen.

Han eduki zenuen diaspora, zure jatorriak temaz oroitarazten zizkizuna eta zeinarekin parte hartzen baitzenuen arte-alor oso desberdineko lanetan.

Han eduki zenuen zure adiskide Oteiza, zeina, harrezkero, maitatu eta miretsi baitzenuen beti.

Han eduki zenuen zure emaztea, Mª Isabel Irurzun, bizitza osoan lagun izan zenuena eta eskuzabaltasunez eman zizuna zure grina bizi ahal izateko behar zenuena.

Margo bat, marra bat… tolesgabea eta bizigabea zirudien guztia esanahi berriak erreskatatzen zituen estetika pertsonal baten elementu bihurtzen zen. Eta zure intuizioa efikaziaz erabiliz kaosetik ateratzeko eta ordena batera itzultzeko konspiratzen zenuen, funtsezkoa baitzen zugan.

Begirada sarritan pausatzen zenuen besterena zen hartan, edo irrika kolektibo batean, eta hari garrantzi osoa ematen zenion eta zer edo zer intimo eta baliotsu bihurtzen zenuen, halako eran non istant batean zure emozioen lekuak irensten baitzuen han behin betiko geratzeko.

Zure aberriak eduki zenituen, eta haien alde lehiatu zinen ehunka ideiekin eta moduekin eta haiek definituz joan zen arte-alor anitzek osatutako zure bidea, zeina baitzen zuk sentitzen zenuena.

Zeure barrutik ateratzen zitzaizkizun edo eskuetara iristen zitzaizkizun proiektu bakoitzean eta guztietan ilusioz ekiten zenien agertzen zitzaizkizun erronkei: fatxada bat edo aulki bat diseinatzea, euskal mitologia tankeratzea, bidezko kausa batentzat domina bat egitea, kartel bat edo film bat egitea.

Jolas egiten zenuen formekin, zilarrezko paperarekin edo arrautza-ontziekin…  edozein material zenuen errealitatea eraldatzeko aski.

Hainbat eta hainbat lanordu, sentituz ez zegoela denbora galtzerik.

Arantzazutik oinez abiatu zinen zure lehen pintura muralekin, zeinak ezabatu baitzituen elizaren zentsurak, Idurmendietaraino, non zure azken collageak egin baitzenituen marra ahul eta ziurgabeez, zure azken keinuak haiek izango zirela sumatuz.

Euskal Herria eduki zenuen, zure aberria.

Zure ofizioa izan zen zure suertea.

Ehun urte denbora luzea da zaharturik jaiotzen diren ametsentzat, baina ez honaino lagundu digutenentzat.

Irrikatzen zenuen luzaroan irautea, ebokazioak eta oroitzapenak zu gogoratzetik zu ezagutzera eraman gintzaten.

Eta hori da bidaia komun honen eginahala.

Esker mila, denon lanari.
NB100

"Margo bat, marra bat… tolesgabea eta bizigabea zirudien guztia esanahi berriak erreskatatzen zituen estetika pertsonal baten elementu bihurtzen zen. Eta zure intuizioa efikaziaz erabiliz kaosetik ateratzeko eta ordena batera itzultzeko konspiratzen zenuen, funtsezkoa baitzen zugan"

Monika Basterretxea Irurzun, Néstor Basterretxearen alaba