Jarduera instituzionala

Jarduera instituzionala

Peio Aguirre, komisario eta arte kritikaria

Euskal Eskola 1966an sortu zenetik, euskal abangoardiak zeregin egituratzailea izan zuen modernitate bitxi batean, zeinak iruditeria estetiko berri bat tankeratu nahi izan baitzuen. Harrezkero, gai sozialei itxura emateko erabili zituen Basterretxeak bere diseinu-lanabesak.

Eskultura publikoa funtsezkoa suertatu zen gizartean inplikatzeko orduan, baita anagrama eta kartelen diseinua ere. Funtzio sozial horretarako baliatu zuen abstrakzioaren mintzaira. Trantsizioaren garaian, aro berri bat zabaldu zen Euskal Herrian esku hartze kulturalarentzat. Irekitze politiko eta ekonomikoko urte haietan, rol garrantzitsu bat jokatu zuen Basterretxeak instituzionalizazio kultural berri bat sustatzen.

1979an, Oteizarekin batera, arkitektura erradikaleko proiektu bat aurkeztu zuen Bilboko Sabino Arana Fundazioan kulturune bat egiteko, baina proiektu hura ere ez zen mamitu. Gauza bera gertatu zitzaion 1980an Tolosako ikastola egiteko Armando Roca arkitektoarekin landutako proiektuari. Egin gabeko proiektu horiek bete-betean gorde dute beren ahalmen estetiko guztia.

1980tik 1983ra bitartean, Eusko Jaurlaritzako Kultura Saileko aholkulari-lanak egin zituen Basterretxeak, eta Euskal Herrian Arte Garaikidearen Zentro bat egiteko ideiaren sustatzailea izan zen. Europako hainbat herritan ibili zen Rufino Basañez bilbotar arkitektoarekin eta José Luis Isasa musikariarekin batera berak sortutako diziplina anitzeko talde batekin. Bidaia horien xedea zen arkitektura multifuntzionalei buruzko informazioa biltzea, euskal zentro kultural handi bat eraikitzeko eredu izan zitezen. Hainbat kokaleku gogoan hartu ziren: Alhondiga, Bilbon, edo Urdanibia jauregia, Irunen.

Kultura-aholkulari gisako haren zereginaren ondorioa da Gure Artea arte plastikoen saria ere, 1982an sortua. Hainbat kartel eta lelo diseinatu zituen: Gernikako Estatutuari bai edo Bai euskarari ikurra, euskararen alde, haren ezagunenetako bat, besteak beste.

Beste ikono bat Izaro da, Eusko Legebiltzarraren logotipoa eta sinboloa, 1983. urteaz gero Vitoria-Gasteizko legebiltzarrean buru den eskulturatik aterea. Hura bezain garrantzitsua da Bakearen usoa (1988), Donostian, bakearen eta adiskidetzearen erabateko sinboloa. Bere konpromiso sozialaren eta politikoaren ondorioz, irabazi asmorik gabeko elkartasun-ekintza askotan parte hartu zuen, artista gisa betiere.
Jarduera instituzionala

Trantsizioaren garaian, aro berri bat zabaldu zen Euskal Herrian esku hartze kulturalarentzat. Irekitze politiko eta ekonomikoko urte haietan, rol garrantzitsu bat jokatu zuen Basterretxeak instituzionalizazio kultural berri bat sustatzen