Jaio eta handik 100 urtera

Jaio eta handik 100 urtera

Peio Aguirre, komisario eta arte kritikaria

Pintorea, eskultorea, ilustratzailea, diseinugilea, zinemagilea, argazkilaria, arkitektoa, dekoratzailea eta kartelgilea, alegialariaNéstor Basterretxeak landutako jarduera paralelo horiek guztiak ele bakar besarkatzaile batean kabitzen dira orain: artista.

Askotariko alderdi artistiko horiek solte edo loturarik gabe aurkeztu izan dira sarritan, eta collage atzemangaitza bilakatu dute haren obra. Juan Daniel Fullaondok eta María Teresa Muñozek «Nestor kaleidoskopioa» esamoldea erabili zuten behin haren katalogo estetikoko bide eta adarkatze ugariak, errefrakzioak eta mutazioak ulertzen saiatzeko. Nortasun artistiko horiek guztiak elkarrekin erlazionatutako osotasun koherente baten zati gisa behatzeko distantzia handiago bat edukiko dugu, beharbada, orain.

Haren patu biografikoak, erbestearen zantzuak, etxera itzuli izanak (Ulises bere Itaka maitera bezala) bitzitza eta artea markatu zioten. Haren nortasunaren ezaugarrien artean aipagarriak dira historiarenganako eta narrazioarenganako obsesioa, eta abentura izugarri subjektibo eta idiosinkratikotan barneratzeko eta, ez gutxiago, ezin konta ahala ekimenetan parte hartzeko jakin-min etengabe bat, adibidez, Equipo 57n eta Gaur taldean, zeinak baitira artea gertaera eta egintza sozial gisa ikustearen saio utopiko eta kolektiboak.

Komeni da orobat aipatzea Espiral, BIOK edo Frontera Films bezalako elkartetan Néstorrek dinamizatzaile kultural gisa eta ekoizle gisa izan zuen zeregina.

Basterretxea artista proteikoa izan zen, eta hala bere baitako sakonenerantz nola kanporantz bideratuta zeuzkan sentiberatasuna eta adimena. Bere garaiko joerari jarraituz, artista modernoa izan zen hiztegi plastiko bat eta estilo bereizgarri bat bereganatzeko premian.

Abstrakzioaren formaren eta mintzairaren nolakotasun eraldatzailearen erabateko ordezkaria izan zen. Espazioa eta bolumena aztertzetik eta administratzetik abiatuta, hasieretako substratu espresionistari eutsi zion, inkontzientearen deiei eta fantasia indibidualari adi beti, nahiz diseinuaren proiekzioa izan haren ohiko lan metodoa.

Esan dezakegu haren arte guztiak bazuela diseinuaren halakoxe logika bat eta arteen integrazioa bere ibilbide luzean bilatutako helburu bat izan zela. Pinturaren bitartez begiratzen zion zinemari, eskulturatik arkitekturari eta eskulturari, berriz, marrazkitik eta lerrotik abiatuta.

Europar abangoardiak asimilatzerakoan bi eragin izan zituen: batetik, amerikar etapa, kolonaurreko kulturak aztertuta, bere artean beti latente iraungo zuena, eta, bestetik, Gerra Zibilak eta geroztikako diktadura itogarriak etendako espainiar abangoardiaren drama.

Hirurogeiko hamarkadatik aurrera, fronte kolektibo berri batek bidean aurrera egin zuen eta hori berpizkunde kultural moderno bat izan zen euskal kulturan, Jorge Oteizak bultzatuta. Modernitate horrek ohiz kanpoko kokaleku baten marka zeukan aire freskoaren eta nazioarteko zabalkundearen premian zegoen espainiar artearen baitan.

Néstor euskal kulturaren susperraldi horretako protagonistetako bat izan zen. Basterretxeak modernotasunari begiratzeko zuen modua folklorera eta herri-arteetara, sustraietara, historiaurrera, antropologiara, mitora eta kosmogonietara hedatu zen.

Hirurogeita hamarreko urteetatik aurrera konpromiso politiko horrek murriztu egin zuen, aldez, haren ekintza espazio nazional batera edo, Benedict Andersonek nazioa maisuki definitu zuen bezala, «komunitate imajinatu» hartara.

Bere bizitzaren azken fasean muga horretaz kontziente izan zen, nahiz ohorez eta duintasunez asumitu zuen, dagoeneko historia den eklosio kultural baten parte sentitzen baitzen. Haren belaunaldiarena borroka etengabe bat izan zen baieztapen partikularistak unibertsaltasuneko erreklamazioekin birlotzeko.

Antzu samarra suertatzen da, beraz, pentsatzea zer leku duen Basterretxeak XX. mendeko euskal artearen historian Oteizaren eta Chillidaren artean, edo ideologoaren eta nazioarteko arrakasta duen artistaren artean. Ezein erreskaterekin bainoago, gera gaitezen figura poliedriko eta berezko eskubidez estimagarri batekin.

Eta, hobekiago dena, berraurki dezagun belaunaldi berri eta etorkizunekoentzat.
Jaio eta handik 100 urtera