Arkitektura eta diseinua

Arkitektura eta diseinua

Peio Aguirre, komisario eta arte kritikaria

Gerra zibilak eta erbesteak eten zuten Néstor Basterretxeak arkitektura ikasteko zuen nahia. Buenos Airesen delineazio-ikasketak egin zituen.

Arkitekturan egindako lehen ekarpena Irungo bere etxe-lantegia (1955-1958) izan zen, Oteizarekin eta Luis Vallet udal arkitektoarekin batera egindako proiektua. Le Corbusierren arrazionalismoaren eta funtzionalismoaren aginduak betetzen ditu etxebizitza horrek. 1960an haren anaia gaztea, Ander Basterretxea, 1958an arkitekturan eta urbanismoan lizentziaduna, Ameriketatik itzuli eta etxe-lantegiko beheko solairuan kokatu zen. Bien arteko lankidetza emankor bat hasi zen orduan: Néstor diseinatzaile gisa eta Ander arkitekto gisa. 1965ean proiektu bat aurkeztu zuten Kursaaleko Nazioarteko Lehiaketarako, Donostian. Handik urtebetera plan anbiziotsu bat proiektatu zuten Marbellako Los Monteros bizitegi multzorako. 1968an Eibarko Unzaga Dorrea eraiki zuten. Bere bizitzan zehar, Basterretxeak solaskide eta lankide izan zituen hainbat arkitekto: Miguel Fisac, Antonio Fernández Alba, Alejandro de la Sota, Juan Daniel Fullaondo eta Rufino Basañez. Aldi berean, Basterretxea diseinu industrialean hasi zen. 1957tik 1958ra bitartean, altzariak diseinatu zituen H Muebles-entzat, Madrilen. Corrales eta Vázquez Molezun arkitektoen Bruselako Erakusketa Unibertsaleko pabiloiko talde irabazlean parte hartu zuen. Erraztasun handia zuen altzarigintza, arkitektura eta dekorazioa konbinatzeko. Irunen zegoela, euskal etxeetan altzari modernoa sartzeko premia ikusi zuen, eta 1961ean Espiral denda sortu zuen Donostian. Denda horrek altzari moderno nazionala eta nazioartekoa saltzen zuen eta oinarrizko altzariak eta interiorismoa ekoizten zituen. Eskariak gora egin zuen eta ia aldi berean ekoizpenerako enpresa bat sortu zuen beste bi kiderekin batera: Biok. Espiral eta Biok enpresa desberdinak dira, baina elkarren osagarriak. Biok-en Basterretxeak bere aulkirik seinalatuenak diseinatu zituen egurra kurbatzeko teknologia berrietatik abiatuta, adibidez Kurpilla besaulkia. Arkitektura haren eboluzioa funtzionalismo/arrazionalismotik organizismorantz eta espresionismo eskultorikoago eta utopikoago baterantz aldatu zen moduan, antzeko zerbait gertatu zen diseinuan. Produkzio estandarizatuaren mugak gogobetetzen ez zuenez, hirurogeita hamarreko urteetan Biok utzi zuen. Diseinu industrialetik «bolumetrietara» igaro zen; hitz hura aurkitu zuen arkitekturaren eta artistaren erabateko askatasuna uztartzeko. Ikerketa horren fruitu dira, batzuk gauzatuak eta beste batzuk saiakera huts geratuak, batzuk besterik ez aipatzearren, Lasarteko (Araba) eliza bateko altzariak, (1976); Deustuko Unibertsitateko Liburutegia (1985); Urbidea (1993) erliebe monumentala Arriarango Urtegian; edo Lemoizko Zentral Nuklear itzalirako kulturunearen proiektua.
Arkitektura eta diseinua

Arkitektura haren eboluzioa funtzionalismo/arrazionalismotik organizismorantz eta espresionismo eskultorikoago eta utopikoago baterantz aldatu zen moduan, antzeko zerbait gertatu zen diseinuan.