Ibilbidea

Ibilbidea

Peio Aguirre, komisario eta arte kritikaria

Artista gisa ilustrazioan, delineazioan eta publizitatean aritu zen hasieran eta, hortik, kutsu espresionistako estilo piktoriko figuratibo bat lantzen hasi zen.

Argentinan egin zuen egonaldia gerrak markatuta dago eta haren obra goiztiarrek José Gutiérrez-Solanaren tenebrismo espresionistaren eragina dute.

Buenos Airesen, Orozco, Rivera eta, batez ere, Siqueiros mexikar muralisten iraultzaren zerbitzuko pinturari erreparatu zion. Horrek aurreratu egin zuen arteen integrazioa (pintura eta arkitektura), zeina izan baita haren ibilbidean hain garrantzitsua.

Arantzazuko basilikarako kriptaren dekorazio-proiektuak (1952-1953) gizakiaren patu iluna eta bakardade dramatikoa erakusten du. Larritasun existentzial hori da haren Espainiako lehen garaiaren ezaugarria. 1953 eta 1956 bitartean, espainiar pintura berriaren adierazlea izan zen Basterretxea, El Paso taldeko kideekin batera.

1956an, Manuel Sierra arkitektoak bi mural eskatu zizkion, espresionistak oraindik, Tarragonako Langile Unibertsitaterako.

1957an funtsezko norabide aldaketa bat gertatu zen Basterretxearen ibilbidean: Equipo 57 eratu zen, «espazio plastikoaren interaktibitatea» ikertzen zuen artista talde bat. Urte hartan bertan, eta Equipo 57rekin ari zen bitartean, hainbat pintura geometriko «konposatu» zituen. Ordurako Irunen zegoela, eta Oteizarekin harremanetan, abentura konstruktibo eta espazial bati ekin zion, zeinaren ondorioa pinturatik eskulturara igarotzea izan baitzen. Analisi espazial horretan behe-erliebea da lehen geldiunea: «ibilbide zabalen», «plano lehertuen» eta «meridianoen» etapa da. Obra horiek bi dimentsiokoak dira oraindik, eta material ez konbentzionalak erabiltzen ditu haietan, hala nola arbela, beruna, marmola eta burdina.

Gero hiru dimentsioetara igaro eta bere lehen eskultura exentuak egin zituen (Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa). Eskultura horiek elementu organikoak eta geometrikoak konbinatzen zituzten eta material eta eskala desberdinetakoak ziren. Hasieratik, eskulturak dimentsio publiko bat hartu zuen, forma abstraktuaren nolakotasun sinbolikoak azpimarratzen baitziren.

Euskal Eskola (Gaur taldea) sortu berriaren euskal berpizkundeaz gero, Ama Lur filmaren espirituaz blai, gogotik leihatu zen euskal kulturaren sustraiak aztertzen. Ikerketa horren fruitu izan zen Euskal Sail Kosmogonikoa (1972-1973), egurrean landutako eskultura multzo bat, abstraktu eta figuratibo artekoa, zeinak irudikatzen baitu aita Jose Migel Barandiaranek Diccionario de Mitología Vascan deskribatutako arbasoen ahozko mitoak. Euskal abangoardiaren mugarri horretatik abiatuta, Basterretxeak baliabide eta formatu anitzetan lantzen jarraitu zuen bere iruditeria formal berezia eta mugagabea: formatu txiki eta handiko eskulturak, pintura muralak, erliebe eskultorikoak, dekorazioa, collageak eta paperean egindako obra ugaria, marrazkia, margoa eta haren irudimena sormenezko bektoretzat dituztenak betiere.
Ibilbidea

Euskal Eskola (Gaur taldea) sortu berriaren euskal berpizkundeaz gero, 'Ama Lur' filmaren espirituaz blai, gogotik leihatu zen euskal kulturaren sustraiak aztertzen. Ikerketa horren fruitu izan zen 'Euskal Sail Kosmogonikoa' (1972-1973)