Inplikatutako artearen historia moderno bat

Inplikatutako artearen historia moderno bat

Fernando Golvano, komisario eta arte kritikaria

Néstor Basterretxeak (1924-2014), ibilbide luzean, sortzeko gaitasun izugarria erakutsi zuen hainbat esparrutan: marrazkia, pintura, grafika, collagea, erliebea, eskultura, diseinu grafiko eta industriala, zinema eta idazketa. Elkarrekin lotutako praktikekiko jakin-min hori dela-eta, marrazkia beti abiapuntu zuela, Santiago Amónek Nueva Forma aldizkarian (1972) idatzi zuen Basterretxearen adierazpenaren plururiformitatea zela haren bertuterik nabarmenena. Eta hala zen, izan ere, ez zegoen arrotza zitzaion praktika artistikorik, eta Euskal Herriko kultura kosmopolitismo unibertsalista batekin konbinatu zuen. Artista guztiz modernoa izan zen, abangoardia historikoen herentziei arreta jartzen ziena, alde batetik, eta memoria luzeko imajinario kolektiboei forma berria emateko irrikagatik, bestetik. Baina, era berean, moderno erradikala izan zen, arteak elkarrekin lotzeko zuen asmoagatik. Bere ustez alegiazkoa, poetikoa eta munduaren eta bizitzaren irudi berriak era askotara esaten dira.

1951n, Argentinan egin zuen egonalditik itzuli ondoren, Basterretxea Madrilen bizi izan zen. Bere estudioa eta Oteizarena —Buenos Airesen ezagutu zuten elkar— oso hurbil zeuden. Adiskidetasun hori bien arteko lankidetza ugariren iturri izango zen. Lehenengoa Arantzazuko Basilikaren (Oñati, Gipuzkoa) proiektuarekin gertatu zen. 1951n, proiektuaren ardura zuten Luis Laorga eta Francisco Javier Saénz de Oiza arkitektoek beste artista batzuen partaidetza izan zuten, hala nola Jorge Oteiza, Eduardo Chillida, Néstor Basterretxea, Lucio Muñoz eta Javier María Eulaterena. Proposamen artistiko batzuen inguruko auziak eta ezerezteak gorabehera, proiektu horrek arteen integrazioaren postulatu modernoa zehaztu zuen —batez ere arkitekturaren eta arte plastikoen arteko elkarrizketan—, eta arte modernoa eta arte sakratua uztartu zituen.

Talde-laneko beste adibide bat Basterretxeak Cordobatik eta Paristik bultzatutako Equipo 57 (1957-1962) taldearekiko parte-hartze laburra izan zen. Talde horrek espazio plastikoaren interaktibitateari buruzko manifestu batekin aurkeztu zuen bere burua, eta haien abstrakzio geometrikoaren bidean, arkitekturaren eta diseinuaren ikerketara ere eraman zen egiletza kolektiboa. Hori izan zen euskal artistaren aurrekaria, gero altzarien diseinura igaro zena, lehenik Madrilen H Muebles enpresan eta, 1958an Oteizarekin Irunen egoitza finkatu ondoren, 1962an Donostian zenbait bazkiderekin batera sortu zen Espiral ekimenean, barnealdeak diseinatzeko eta altzariak eta arte modernoa saltzeko. Geroago, Basterretxeak eta beste bi bazkidek 1966an Irunen sortutako Biok altzari-fabrikak bultzada moderno horren hedapen aitzindaria ahalbidetu zuen euskal testuinguruan. Bioken argazki-estudioa izan zuen Néstorrek, altzariak eta haien ekoizpen artistikoa katalogatzeko eta irudi esperimental batzuk garatzeko.

Irungo egonaldian (1958-1972), Luis Vallet de Montanok berarekin eta Oteizarekin lankidetzan proiektatutako lantegi-etxean, hiriko zine klubeko hainbat ekimenetan parte hartu zuen. Esperimentazio plastikoko aldi distiratsua izan zen, eskulturarako irekiera iragartzen zuten meridiano eta arbelekin —Plano estallado (1960) izan zen abstrakzio-printzipioaren araberako lehen saioa—, artea altzarien eta hiri-espazioaren diseinuan erabiltzen hasi zen aldia. Filmen ekoizpenak ere —lehenik bakarka, Operación H (1963) film ertain berritzailearekin— halako asmo komunitario bat erakutsi zuen Fernando Larruquertekiko ekintza kooperatiboaan. Elkarrekin egin zituzten Pelotari (1964), Alquézar (1966) eta Ama Lur (1966-68). Azkena, film luzea, herri-ekimen batek finantzatua, euskal folklorearen eta kulturaren aldeko adierazpena izan zen, frankismoaren era askotako ukazioen testuinguruan.

Beste jarrera-hartze eta inplikazio kolektibo bat Gaur Taldea (1965-1967) izan zen, Oteiza, Chillida, Basterretxea, Amable Arias, Mendiburu, Sistiaga, Balerdi eta Zumetak osatua. Artisten konstelazio distiratsu hori hitz-hartze kolektibo bat izan zen erakunde propioak eskatzeko eta Euskal Eskolaren mugimendua katalizatzeko, batez ere Oteizak eta Ibarrolak euskal hiriburuetan bultzatzen zutena. Taldearen manifestua Barandiaran Galerian (Donostia, 1965-1967) aurkeztu zen, Oteizak «arte konposatuko erakusketen ekoizle» gisa definitu zuen gunean. Proiektu moderno horrek bat egin zuen euskal kulturan berritu ziren musika, antzerki eta dantzarekin lotutako beste proiektu batzuekin.

1972an Hondarribira eraman zituen bere egoitza eta lantegia, eta inflexio bat izan zuen bere eraikitze-poetikan eta oihal artistikoetan. Modu informalista eta espresionista bat sortuz joango da, eta beste modu geometriko eta zehatz batekin batera garatuz hirurogeita hamarreko hamarkadatik aurrera. Euskal asmoa eta aita Barandiaranen liburuetatik hartutako antzinako iruditeria mitikoa Cosmogónica Vasca (1972-1977) deituko duen eskultura sail ezagunenaren iturria izango dira: haritzez landutako jainko mitologikoen segida bat, historiaurreko garaiarekiko hurbilketa estetikoa erakusten duena, euskal jatorrizko arbasoaren eta kosmosaren arteko lotura ilun eta magikoak adierazten dituena. Ahalegin nostalgiko eta paradoxikoa, tentsio dialektikoa ezartzen baitu primitiboaren eta modernoaren artean, alegiazkoaren eta errealaren artean. Hirurogeita hamarreko hamarkada, bere izaera historiko eta sozial bereziarekin, frankismoaren amaierak trantsizio demokratikoari bide eman baitzion, disidentzien eta iruditeria sozial berrien sorkuntzaren magma izan zen. Basterretxeak 1978an Bai Euskarari kartelen eta logoen diseinuan lagundu zuen. Baina Eusko Legebiltzarraren goiburu den Izaro eskulturan (1983), adierazi zuen formalki artearen indar adierazgarria eta sinbolikoa, poetika abstraktua eta geometrikoa berreskuratuz. Zazpi adarreko zuhaitz bat da, eraikitzen ari den komunitate politiko eta kultural baten idealaren irudia.

1979-1983 aldian arte garaikidearen zentro berriak sortzeko beste proiektu batzuetan inplikatu zen Irunen eta Donostian, baina ez ziren gauzatu. Oteizaren eta Basterretxearen Irungo lantegi-etxea kultur erabilera berrietarako egokitzea beste irrika bat izan zen, bizirik zegoela gauzatu ez zen arren gogo berrituarekin bultzatu zuena. Udalak 2003an proiektu bat agindu zidan, Mugarte izenekoa. Proposamena, hainbat aldiz eguneratu ondoren —azkenekoz 2020an—, bere kairós egokiaren zain dago memoriaren eta sorkuntza garaikidearen espazio bizi gisa, mugako arteen eta kulturen arteko elkarrizketarako ondare eta tresna gisa azaleratzeko.

Inplikatutako artearen historia moderno bat

'Gernikako arbolari omenaldia',
1979. Gasteiz

Argazkilaria: erredehierro